Natura, kirola, mendiko botak, makilak, lokatza…eta maskara. Berezia izan da Lasarte-Oria Trail elkarteak aurten antolatutako ekitaldia, Mendi Festaren II. edizioa. Desberdina antolaketa eta forman, baina esentzia aldatu gabe: egun eder bat igaro eta Lasarte-Orian eta inguruan dauden mendi eta paisaiez gozatzea. 300 pertsonak parte har zezaketen gehienez, eta 285ek izena eman dute.
Badirudi larunbat gauean bota zituztela lainoek bota beharreko guztiak, eguraldiak tregoa txiki bat eman baitu gaur, eta egun hauetan gris kolorekoa zena urdin bilakatu da. Eguraldia lagun, 285 martxalarik gozatu dute Lasarte-Oria Trailek antolatutako II. Mendi Festaz.
Errealitate berrira egokitua

COVID-19a tarteko, lehen eta bigarren edizioak ez dute antza askorik izan, antolaketa-kontuei dagokienez batez ere. Irteera gunea berdina izan da, Okendo, baina ez horrela lasterkariak antolatzeko modua.
28 kilometroko Mendi Festa Martxa luzea egin behar zutenak elkartu dira plazan lehenengo, artean ilun zegoenean, 07:30ean, Andatza, Belkoain eta Buruntza igotzeko. Orduan bildu da jende gehien Okendon, 285etik 187k erabaki baitute ibilbide hori egitea.
Maskarak jantzita, ilara egin dute, metro eta erdiko distantzia mantenduz, antolatzaileek bakoitzari tenperatura hartu bitartean. Ez dute inor kanpoan utzi behar izan, neurgailuak ez baitu aldi bakar batean ere 37,1 gradu baino gehiago eman.
Martxa Motza
Ia 14 kilometro, Mendi Festa Martxa motza, horietako zenbait Buruntza mendia igotzen. Hitzordua, 09:00etan Okendon. Zertxobait lehenago hasi da hurbitzen jendea, eta Mercero guneko arkupeen ondoan zegoen zerrendara joan, jakiteko zein zen euren dortsala.
Ondoren, ilaran jarri, eta luzekoen prozedura bera jarraitu dute: distantzia mantenduz, antolatzaileek tenperatura hartu arte itxaron, ondoren txartela eta edalontzia hartu eta martxan jarri.
Kale Nagusitik atera, Kalbario bidetik igo eta gero Plazaolako zubirantz abiatu dira martxalariak. Ordura arte asfaltoa zapaldu dute. Zubiko tunela pasa, eta eskuinerantz jaitsita, mendi-giroa arnasten hasi dira, belarra eta lokatza zapaldu bitartean. Azken egunetako euriteak tarteko, labainkor zegoen lurra, eta putzuak ere bazeuden.


Aldapa gogor samar batzuk igo eta gero, parte-hartzaileen animoak altxa ditu Azkorte ermita gertu ikusteak. Lagun artean zihoazen batzuk, maldak igo eta jaisteari zentzua bilatu nahian: “Zertarako horrenbeste sufritu igotzen, gero berriro jaitsi egin behar badugu?”, galdetzen zuen kideetako batek. Bikote bat zihoan metro batzuk atzerago, haur txikia bietako batek bizkarrean zeramala. “Ttipi Ttapa ibilbidera apuntatu ginen, baina, tamalez, bertan behera geratu zen. Hirurok etorri gara hala ere”.
Azkortera iritsi aurreko maldan, dagoeneko parte-harttzaile batzuk herrira itzultzen ari ziren, lasterka, abiadura bizian. Norberak bere erritmora gozatzen du mendiaz. Metro batzuk egin, eta anoa postua ikus zitekeen. Jatekoa eta edatekoa hartu aurretik, protokoloa bete behar: gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu eta maskara jantzi, kontsumitzeko momentuan izan ezik.
Buruntza gailurra

Zenbait parte-hartzailek esan zuten iazko martxa laburra gogorregia izan zela. Hori aintzat hartu, eta ibilbidea leuntzea erabaki dute antolatzaileek. Buruntzara igotzeko azken txanpa dirudiena baino gogorragoa izaten da, atseden hartzeko gune gutxi eta sufritzeko askorekin.
Tartean, pixka bat ere eskalatu behar den hori. Aurten ez dugu hortik joan behar izan, ezkerrera zegoen beste bide batetik baizik. Metro batzuk igo behar izatetik ez da inor libratu, ordea.

Sufrimendu aurpegiak irribarretsu bilakatu dira tontorrean. Joxe Ramon Mendizabal eta Xabier Carcedo boluntarioen atsegintasunagatik batetik, eta ibilbidearen momentu gogorrena gainditu izanagatik, bestetik. Ez dira falta izan selfieak eta talde argazkiak.
Jaisterakoan, tentuz ibili behar izan dute martxalariek, gune hori bereziki lokaztua zegoelako. San Roke baseliza igaro, eta harrobi albotik behera, gero berriz Azkorteraino iritsi arte. Behar izan duenak indarrak hartu ditu azken txanpari ekiteko.
Okendon, festarik ez aurten
Koronabirusaren eraginez, helmugaratzea ez da izan iazkoa bezalakoa, halabeharrez. Txandaka sartu dira parte-hartzaileak, Iñaki Urruzola DJaren musika entzuten.
Antolatzaileek poltsa bana banatu diete parte-hartzaileei, euren txartel zigilatua jaso ostean. Etxera joan dira batzuk, eta herriko zenbait tabernatara besteak, zenbaitek pintxoak jateko aukera eskaini baitute aurten. Antolatzaileek ostalaritzari ekarpentxo bat egin nahi izan diote horrekin. Iaz bezala, Izan Inurri egitasmoko lagunek postua jarri dute plazan, euren egitasmoa ezagutzera eman eta produktuak saltzeko.
Fuente: Txintxarri
Argazki albuma

LOTMEtik eskerrak eman nahi dizkiegu mendiko festa honetan parte hartu zuten guztiei, mendi-ibilaldi eta mendizaleengandik hasi eta egun berezi hau posible egin zuten boluntario eta laguntzaileenganaino.
Une horiek berpiztu eta zuen lagunekin partekatu ahal izan ditzazuen, Mendi Festako unerik onenak biltzen dituen argazki galeria bat bildu dugu. Lasarte-Oriako Mendi Festa 2020 argazki albuma.
Komunitatearekin partekatu nahiko zenituzkeen argazkiak badituzu, argitaratu zure sare sozialetan eta etiketatu sareetan #LOTMEMendiFesta2020 traolarekin.
Hurrengo edizioan ikusiko dugu elkar!
LOTME balorazioa
baina ondo atera da”
